jueves, 18 de febrero de 2016

Eskola Bizipenak eta Heziberri

Jarduera honetan, aurrez argitaratu ditudan argazkiak erabiliko ditut gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen curriculumari, hau da, Heziberri curriculumari erreferentzia egiteko.

Heziberri curriculumari begiradatxo bat bota ostean, interes handiko zenbait gauza topatu ditut, jarraian azalduko ditudanak. Gainera nire txikitako bizipenekin lotura zuzena duten hainbat kontzeptu ere aurkitu ditut.

Jarduerarekin hasteko, oso garrantzitsua iruditu zait Haur Hezkuntzaren xedea zein den jakitea. Curriculumak dioenez honako hau izango litzateke:


“Haur guztien garapen osoa eta orekatua lortzen laguntzea da Haur Hezkuntzaren xedea, garapen horren dimentsio guztietan. Oinarrizko konpetentziak garatuz lortu nahi da hori, familiekin lankidetza estuan arituta.”


Xede hori bete ahal izateko eginbeharreko batzuk ere adierazten dira curriculumean, hala nola, familiarekin lankidetzan aritzea, haurraren eskubideak babestea, desberdintasunak saihesteko heziketa sustatzea, elebitasun orekatua lortzeko lan egitea, haurrei arreta, zaintza eta heziketa ematea, eta abar.

Xedeez gain, beste hainbat alor jorratzen dira curriculumean, hala nola, konpetentziak, curriculumaren antolamendua, ebaluazioa, tutoretzak, eta abar.


Hasieran esan bezala, aldez aurretik argitaratu ditudan eskola bizipenenak erabiliz curriculumari erreferentzia egiten hasiko naiz.


Lehenengo, bigarren eta hirugarren argazkietan elkarbizitza edota elkarlana ageri dira, eta beraz, integrazioa. Horri esker oinarrizko konpetentzia ezberdinak barneratzen dira. Curriculumak badu atal bat oinarrizko konpetentzien inguruan, non, adierazten den haurrek konpetentziak modu eraginkorrenean eskuratzeko jarduera integratzaileak diseinatu behar direla, haurrek aldi berean konpetentzia bat baina gehiago ikas dezaten.


Esan beharra dago, konpetentziek garrantzi handia dutela gaur egungo gizartean, izan ere, geroz eta gehiago baloratzen dira konpetentziak eskolan ateratzen ditugun emaitzak baino. Beraz konpetentzien atal hau oso garrantzitsua da eta konpetentziak geroz eta gehiago lantzea aurrerapauso bat dela iruditzen zait. Lehen ez zait iruditzen konpetentziei garrantzi handirik ematen zitzaienik eta faltan bota ditut esparru askotan, hala nola, modu digitalean komunikatzeko konpetentziak, ekimenerako konpetentziak, pentsatzen ikasteko konpetentziak, eta abar. Beraz, curriculumak planteatzen duen konpetentzien asmoa koherentea iruditzen zait gaur egungo gizarterako.


Curriculumaren beste atal batek dio, trebetasun sozialei nahiz arlo emozionalari behar besteko arreta eskaini behar zaiola. Nik esaldi hau, panpinaren eta pilotaren argazkiarekin lotuko nuke, izan ere, bertan arlo emozionalaren garrantzia azpimarratzen dut.


Jarraian, esaldi hau azpimarratu nahiko nuke:

“Ikasleek pentsatzen eta ikasten ikasteko, komunikatzen ikasteko, besteekin bizitzen ikasteko, izaten ikasteko eta egiten nahiz ekiten ikasteko prozedurak irakastea.”


Esaldi hau gelan egiten genituen jarduerekin lotuko nuke, hau da, marrazkien, ipuinen eta filmaren argazkiarekin, izan ere, jarduera horiei esker aurreko esaldian aipatzen diren hainbat ikaste bereganatzen genituen.


Amaitzeko, esan behar dut faltan bota dudan atal bat ondorengoa dela, egokitzapen- aldia. Ni eskolan hasi nintzenean ez zegoen egokitzapen- aldirik. Nire ustez, garrantzi handia du une horrek, izan ere, eskolarekin dugun lehen kontaktua da eta gainera haur asko daude bere familiarengandik aldentzea kostatzen zaienak. Prozesu zaila eta luzea izaten da kasu askotan, beraz, oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela iruditzen zait.



No hay comentarios:

Publicar un comentario