Ondorengo jarduerarako hainbat argazki hautatu ditut argazki elkarrizketa bat burutzeko, haur hezkuntzako etapan bizi izan ditudan esperientzien inguruan.
Lehenengo argazki hau, Oiangu-ra egin genuen txango
batekoa da. Urtero joaten ginen txango bat egitera eta oso ongi pasatzen
genuen. Bertan hainbat jarduera ezberdin egiten genituen naturarekin lotuak
zeudenak, hala nola, zuhaitzak aztertu, lurreko hostoak bildu, lurrean zeuden
animali txiki ezberdinak ezagutu, eta abar. Horrez gain, beste jarduera ezberdin
asko ere egiten genituen, esaterako: abestiak abestu, haur hezkuntzako beste
haurrekin jolastu, parkean jolastu, jolas ezberdinak egin, eta abar.
Etorkizunean hezitzailea izaten naizenean, horrelako
txangoak egitea gustatuko litzaidake, izan ere, txangoetan hezitzaileek
haurrekin duten tratua oso berezia eta estua da, nire kasuan behintzat. Nik
txangoetan jaso nuen tratu bera ematea gustatuko litzaidake etorkizunean
hezitzaile izaten naizenean.
Argazki hau, eskolako aretoan kokatzen da. Bertan festa ezberdinak ospatzen genituen, hala nola, iñauteriak, gabonak... eta bertan ekintza ezberdinak egiten genituen, besteak beste, dantzatu, abestu, antzerkiak egin, bertsoak abestu, eta abar. Oso oroitzapen onak ditut oholtza horren gainera igotzen nintzenean eta, baita ere, gelan hilabete edo aste batzuk lehenago egoten zen giroaz ere. Esan behar dut, oso lotsatia nintzela eta ez zitzaidala batere gustatzen horrelako gauzak egitea, hau da, jendearen aurrean gauzak egitea, baina, behin oholtzaren gainera igota lotsa joaten zitzaidan eta aurrera egiten nuen. Horretan asko lagundu zidan nire hezitzaileak, izan ere, gelan geundenean ariketa ezberdin asko egiten genituen lotsa desagerrarazteko.
Hezitzailearen inplikazioa izugarria izan zen lotsa genuen haurrei laguntzeko. Nik esperientzia hori bizi izan dudanez, etorkizunean berdina egitea gustatuko litzaidake lotsa duten haurrei laguntzeko. Esan behar dut, lotsa ez dela guztiz joaten, nire kasuan behintzat, baina ariketa ezberdinak landuz asko laguntzen dizu.
Argazki honetan iñauteriak ospatzen gaude. Oso oroitzapen onak ditut egun honen inguruan, izan ere, eskolan janzten nuen lehen mozorroa zen eta ilusio handia egiten zidan. Musikariz jantzi ginen eta haur bakoitzak instrumentu ezberdin bat jotzen zuen. Esperientzia izugarri ona izan zen, bai egun horretakoa eta baita aurretik mozorroa prestatzen igaro genituen egunetakoak ere. Urduritasun izugarria nabari zen gainera, izan ere, guraso asko eta asko haurrak ikustera etortzen ziren eta gure nahia zen dena ondo irtetea.
Ekintza hauek oso interesgarriak iruditzen zaizkit, bai haurrentzat baita hezitzaileentzat ere, izan ere, egoera oso atseginak bizitzen dira eta haurren eta hezitzaileen arteko elkarlana izugarria izaten da. Haurrak beraien emozioak azaltzeko unea izaten da.
Nik gehien atsegin nuen papinaren eta pilotaren argazkiak dira ondorengo hauek. Egunero eramaten nituen eskolara, bata ez bazen bestea, izan ere, ezin nintzen etxetik atera panpina edo pilota eskuetan hartu gabe. Panpina oraindik etxean gordetzen dut, izan ere, oroitzapen on asko ekartzen dizkit. Segurtasun handia ematen zidaten bi objektu hauek eta panpinak gainera goxotasuna. Eskolara iristean hezitzaileari ematen nion berak gorde zezan ez bainuen nahi inork panpina ukitzea.
Oraindik gogoan dut hezitzaileak egun batean haur bakoitzak bere etxetik gustukoen zuen objektua ekartzeko esan zigunean. Niri burura etorri zitzaidan lehen objektua nire panpina izan zen. Atxikimendu izugarria nuen panpin horrekiko, izan ere, momentu zail batean oparitu zidaten panpina izan zelako. Gelan objektu kuttunen inguruko jarduera bat egin genuen eta horrela haur bakoitzak objektu horrekiko zituen sentimenduak azaldu zituen. Esperientzia izugarri polita izan zen eta espero dut etorkizunean jarduera berbera errepikatzeko aukera izatea.
Ondorengo argazki honetan bi ipuin ageri dira, txikitan gustukoen nituen bi ipuinak. Amak eta aitak irakurtzen zizkidaten ohera joaten nintzenean. Gainera eskolara ere eramaten nituen hezitzaileak bertan irakurtzeko. Asko atsegin nuen ipuinak entzutea eta gainera oso aberasgarria dela iruditzen zait. Balore asko transmititzen dituzte, lasai egoteko momentua izan daiteke eta gainera oso entretenigarriak dira. Beraz, nire ustez, haurrei ipuinak irakurri behar zaizkie aldiro eta etorkizunean nirekin egiten zutena egitea gustatuko litzaidake, hau da, ipuinak aldiro irakurtzea.
Argazki elkarrizketaren amaierara iritsi baino lehen, hona hemen txikitan gehien atsegin nuen filma. Takolo, Pirritx eta Porrotxen Aupa Kintxo filma da. Esan behar dut ez zitzaizkidala eta gaur egun ere ez zaizkidala filmak ikustea atsegin baina pailazoen film hau asko atsegin nuen, izan ere, abesti askoz osatuta dago. Asko gustatzen zitzaidan abestea eta dantzatzea, beraz, pentsatzen dut hori izan daitekeela film hau gustatzearen arrazoia. Film honetako abestirik gogokoena hau zen:
Filmak dibertigarriak izateaz gain, balore asko transmititzen dituzte. Pentsatzen dut, gaur egun eskoletan haurrek ez dituztela nahi bezain beste film ikusten. Beraz, etorkizunean haurrei filmak jartzea gustatuko litzaidake, izan ere, oso aberasgarriak direla iruditzen zait.
Argazki elkarrizketarekin amaitzeko, nik egin nituen hainbat marrazki ageri dira. Marrazkiak egitea asko atsegin nuen baina batez ere papera kolorez betetzea, argazkian ikus daitekeen bezala. Marrazteak erlaxatu egiten ninduen eta barruan nuena ateratzen laguntzen zidan, hala nola, emozioak eta sentimenduak.
Garrantzitsua iruditzen zait haurrei libreki marrazten uztea, izan ere, horrek sentimendu eta emozioak azalerazten laguntzen die. Horregatik, nire ustez, haur hezkuntzan plastikari garrantzi handiagoa eman behar zaio eta horren inguruko jarduerak egin. Nik argi dut etorkizunean hezitzaile izaten naizenean haurrekin jarduera hauek egingo ditudala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario