Gaurkoan txokoetan antolatutako
metodologiari buruz hitz egingo dizuet. Horretarako, lehenik eta behin,
irakasleak galdera batzuk eman zizkigun guk erantzun genitzan.
Galderak honako hauek izan ziren:
- Zer dakizu txokoetan oinarritutako
metodologiaz?
- Zer falta zaizu ikasteko?
- Zeintzuk dira atera dituzun ideia edo
ikaskuntza nagusiak?
Lehenengo zein bigarren galdera
gure ezagutzetatik abiatuz erantzun behar genituen, aldiz azken galdera
erantzuteko irakasleak hainbat azalpen eman zizkigun aldez aurretik.
Lehenengo galdera erantzuteko
eskolan egindako behaketan oinarritu nintzen. Eskola honetan txokoetan
oinarritutako metodologia jarraitzen zuten. Baina esan beharra dago adinaren
arabera txokoen antolaketa desberdina zela. 2 eta 3 urteko haurren gela
bakoitza txoko bat zen eta gela batetik bestera ibiltzen ziren irakasleak
adostutako ordutegia jarraituz. 4 urteko haurren txokoak aldiz, gela batean
zeuden; hau da, gela bat espazio ezberdinetan banatzen zen, non, espazio bakoitza
txoko bat zen, hala nola: etxe txokoa, margotegiaren txokoa, liburutegiaren
txokoa, matematikaren txokoa...
Ikasteko zer falta zitzaidan
galderari erantzuteko orduan, zalantzak sortzen zizkidan hainbat faktore
adierazi nituen, hala nola, denboraren antolakuntza, metodologia nolakoa
den ongi jakitea eta irakaslearen parte hartzea nolakoa izan behar den jakitea,
gertukoa eta parte hartzailea edo haurrei libreki jolasean utzi behar diena.
Ondoren, irakasleak hainbat
azalpen eman zizkigun eta azkenik azken galdera erantzuteari ekin genion. Lehen
esan bezala, atera nituen ikaskuntza nagusiak zeintzuk ziren galdetzen zuen,
nik ondorengoa ikasi nuen: eskola bakoitzak txokoak egiteko modu ezberdinak
dituela, antolaketa, denbora, espazioa eta metodologiari dagokionez. Gainera
haurrak antolatzeko modu ezberdinak daudela konturatu naiz, hala nola, talde
egonkorrak zein talde ez egonkorrak.
Irakaslearen esku- hartzea nahiko
zaila izaten dela konturatu naiz, izan ere, haurrak txokoetan libre uzten
badira, irakasleari esku- hartzeko aukerak murrizten zaizkio eta oso zaila
izaten da esku- hartzeko momentua aurkitzea. Baina, jolas sinbolikoaren txokoan
esku- hartzeko aukera handiagoa izaten du; izan ere, txoko horretan haurrek
gaur egungo gizartean ikusten diren rolak erreproduzitzen dituzte, beraz,
irakasleak esku- hartzeko aukera handiagoa izango du rol horien ikuspuntua
aldatzeko adibidez.
Ebaluazioari dagokionez,
txokoetan errazagoa izan daiteke haurrak ebaluatzea, izan ere, talde txikietan
daudela errazagoa da haurren zailtasun nahiz zaletasun eta gaitasunak behatzea
edo antzematea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario