jueves, 18 de febrero de 2016

Eskola Bizipenak eta Heziberri

Jarduera honetan, aurrez argitaratu ditudan argazkiak erabiliko ditut gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen curriculumari, hau da, Heziberri curriculumari erreferentzia egiteko.

Heziberri curriculumari begiradatxo bat bota ostean, interes handiko zenbait gauza topatu ditut, jarraian azalduko ditudanak. Gainera nire txikitako bizipenekin lotura zuzena duten hainbat kontzeptu ere aurkitu ditut.

Jarduerarekin hasteko, oso garrantzitsua iruditu zait Haur Hezkuntzaren xedea zein den jakitea. Curriculumak dioenez honako hau izango litzateke:


“Haur guztien garapen osoa eta orekatua lortzen laguntzea da Haur Hezkuntzaren xedea, garapen horren dimentsio guztietan. Oinarrizko konpetentziak garatuz lortu nahi da hori, familiekin lankidetza estuan arituta.”


Xede hori bete ahal izateko eginbeharreko batzuk ere adierazten dira curriculumean, hala nola, familiarekin lankidetzan aritzea, haurraren eskubideak babestea, desberdintasunak saihesteko heziketa sustatzea, elebitasun orekatua lortzeko lan egitea, haurrei arreta, zaintza eta heziketa ematea, eta abar.

Xedeez gain, beste hainbat alor jorratzen dira curriculumean, hala nola, konpetentziak, curriculumaren antolamendua, ebaluazioa, tutoretzak, eta abar.


Hasieran esan bezala, aldez aurretik argitaratu ditudan eskola bizipenenak erabiliz curriculumari erreferentzia egiten hasiko naiz.


Lehenengo, bigarren eta hirugarren argazkietan elkarbizitza edota elkarlana ageri dira, eta beraz, integrazioa. Horri esker oinarrizko konpetentzia ezberdinak barneratzen dira. Curriculumak badu atal bat oinarrizko konpetentzien inguruan, non, adierazten den haurrek konpetentziak modu eraginkorrenean eskuratzeko jarduera integratzaileak diseinatu behar direla, haurrek aldi berean konpetentzia bat baina gehiago ikas dezaten.


Esan beharra dago, konpetentziek garrantzi handia dutela gaur egungo gizartean, izan ere, geroz eta gehiago baloratzen dira konpetentziak eskolan ateratzen ditugun emaitzak baino. Beraz konpetentzien atal hau oso garrantzitsua da eta konpetentziak geroz eta gehiago lantzea aurrerapauso bat dela iruditzen zait. Lehen ez zait iruditzen konpetentziei garrantzi handirik ematen zitzaienik eta faltan bota ditut esparru askotan, hala nola, modu digitalean komunikatzeko konpetentziak, ekimenerako konpetentziak, pentsatzen ikasteko konpetentziak, eta abar. Beraz, curriculumak planteatzen duen konpetentzien asmoa koherentea iruditzen zait gaur egungo gizarterako.


Curriculumaren beste atal batek dio, trebetasun sozialei nahiz arlo emozionalari behar besteko arreta eskaini behar zaiola. Nik esaldi hau, panpinaren eta pilotaren argazkiarekin lotuko nuke, izan ere, bertan arlo emozionalaren garrantzia azpimarratzen dut.


Jarraian, esaldi hau azpimarratu nahiko nuke:

“Ikasleek pentsatzen eta ikasten ikasteko, komunikatzen ikasteko, besteekin bizitzen ikasteko, izaten ikasteko eta egiten nahiz ekiten ikasteko prozedurak irakastea.”


Esaldi hau gelan egiten genituen jarduerekin lotuko nuke, hau da, marrazkien, ipuinen eta filmaren argazkiarekin, izan ere, jarduera horiei esker aurreko esaldian aipatzen diren hainbat ikaste bereganatzen genituen.


Amaitzeko, esan behar dut faltan bota dudan atal bat ondorengoa dela, egokitzapen- aldia. Ni eskolan hasi nintzenean ez zegoen egokitzapen- aldirik. Nire ustez, garrantzi handia du une horrek, izan ere, eskolarekin dugun lehen kontaktua da eta gainera haur asko daude bere familiarengandik aldentzea kostatzen zaienak. Prozesu zaila eta luzea izaten da kasu askotan, beraz, oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela iruditzen zait.



viernes, 12 de febrero de 2016

Argazkien Hausnarketa



Gaurkoan, hainbat argazki aztertzen ibili ondoren hausnarketa txiki batekin natorkizue. Pertsona bakoitzak, argazkiaren interpretazio bat edo beste egin dezake bere pentsamenduen arabera, baina azkenean denak antzekoak direla ondoriozta dezakegu. 

Argazki horien azterketa egin ahal izateko biko edo hiruko taldeetan bildu gara, eta ondoren, bakoitzari egokitu zaion irudia taldean aztertu du. Behin denek haien azterketak eginak zituztela, gainontzeko gelakideei taldean eginiko hausnarketa adierazi diegu.

Behan azaltzen den argazkian argi eta garbi ikus daiteke pinpon mahai bat dela, baina sareari dagokionez, erdian egon beharrean iskin batean dagoela. Guk gure hausnarketa pertsonala egin dugu, eta  esan dezakegu egungo gizartearen interpretazio bat dela. Hau da, printzipioz, denek arau, eskubide eta betebehar berdinak dauzkagu, baina bakoitzaren boterea handiagoa den heinean askatasun edo muga horiek handituz doaz. Beraz, esan dezakegu azken finean denak ez garela maila beretik abiatzen, gure boterea ezarrita dagoen mailatik hain zuzen.




Laburbilduz, esan dezakegu, argazkiek hitzek bezain ondo azal dezaketela egoera, eta gainera, bakoitzaren hausnarketa pertsonala egiteko oso baliagarriak direla.



Ondorengo argazki hau aztertzen badugu, bertan hainbat animali ezberdin daudela ikus dezakegu (katua, elefantea, itsas txakurra, arraina, tximua eta txoria). Animali bakoitzak bere trebetasun eta gaitasunak izango ditu gizakiok bezala. Esaterako, tximuak, arrainak, txoriak eta katuak ez dute hainbesteko zailtasunik izango irakasleak esaten duen moduan zuhaitzera igotzeko. Aldiz, elefanteak eta itsas txakurrak zailtasunak izango dituzte. Beraz, esan dezakegu gauzak egiteko orduan ez dela kontuan izan bakoitzak dituen trebetasun eta gaitasunak, eta jarduera pentsatu gabe egin duela irakasleak.

Bestalde, gaur egungo hezkuntzarekin alderatzen badugu, ikusi dezakegu haurrek denbora zehatz batean hainbat helburu, konpetentzi eta edukiak bereganatu behar dituztela, eta ez direla kontuan hartzen ikasle bakoitzak izan ditzaketen zailtasun eta berezitasunak. Guzti hau azaldu ondoren esan dezakegu, haur bakoitzak bere erritmoa duela eta bere erritmoan joango dela helburu, konpetentziak eta edukiak bereganatzen. Beraz, haur bakoitzaren erritmoak errespetatu behar dira eta ahal den neurrian errespetatu eta erritmo horietara egokitu.


domingo, 7 de febrero de 2016

Esaldien Hausnarketa



Gaurkoan, aztertu genituen hainbat esaldiren hausnarketarekin natorkizue. Hitz edo esaldi horien azterketa bat egin ahal izateko, biko edo hiruko talde txikietan banatu ginen.

Ondoren, talde bakoitzak egokitu zitzaion esaldien azterketa egin, eta azkenik, denei beren iritzia azaldu zien, aportazioak edo iritzi ezberdinak eskaintzeko eskubidearekin.

Jarraian, hainbat esaldiren hausnarketak irakurtzeko aukera izango duzue.

"Educad a los niños y no será necesario castigar a los hombres". Pitagoras de Samos

Lehenengo esaldi honi dagokionez, lehenik eta behin hitz aldaketa batzuk egitea egokia izango litzateke, hau da, "niños" eta "hombres" hitzak erabili beharrean, pertsona guztiei erreferentzia egingo lieketen beste hitzen bat, "persona" edo "seres humanos" esaterako.

Behin aldaketa horiek eginda, esan beharra dago haurrari irakatsi edo erakusteaz gain, haien hainbat balore, ezagutza eta interesak kontuan hartzea ere beharrezkoak direla. Gaur egun ordea, haurrei geroz eta ezagutza teoriko gehiago ematen zaizkie haiek barneratu ditzaten, eta askotan, haurrak pasibo bihurtzen dira materia horrekiko, denbora gutxian gauza asko barneratu behar dituztelako. Hortaz, askotan, oso zaila izaten da haurrek ezagutza horiek arrakastaz barneratzea.

Hori dela eta, argi dago irakasle on bat izateko, beharrezkoa dela haur bakoitzaren interes eta beharrak behar bezala ezagutzea haiei ahalik eta laguntza gehien eman ahal izateko. Horrela, haurren beharrak asetzeaz gain, ezagutza teoriko horiek errazago eta modu egokiago batean ikasteko aukera edukiko dute.

"La educación es el arma más poderosa que puedes usar para cambiar el mundo". Nelson Mandela

Bigarren esaldi honek argi adierazten duen bezala, hezkuntza armarik garrantzitsuenetako bat izan daiteke mundua aldatzeko, hezkuntza gizartearen oinarria baita.

Gaur egungo gizartean gertatzen diren arazoetako batzuk, hainbat balore ez barneratzearen ondorioz gertatzen dira. Hori kontuan izanda, hezkuntzaren bidez hainbat eremu aldatuko balira, arazoak gutxitzea ekarriko luke eta pixkanaka mundua aldatzen joango litzateke; izan ere, balore batzuk barneratzearekin bakarrik munduak aldaketa asko jasan ditzake.

"Excelente maestro es aquel que, enseñando poco, hace nacer en el alumno un deseo grande de aprender".  Arturo Graf (1848-1913)

Esaldi hau irakurri bezain pronto, aldaketa garrantzitsu bat egitea egokia izango litzateke, hau da, "maestro" hitza ezarri beharrean "docente" erabiltzea, bi sexuei erreferentzia berdina egin ahal izateko.

Esaldi honi dagokionez, gaur egungo haurrak etorkizunaren jaun eta jabe izango direnez, garrantzitsua da besteekiko errespetua eta jokabide egokia edukitzen erakustea, eta aldi berean, pentsamendu kritiko bat eraikitzen ikastea. Horri esker, sortu daitezkeen hainbat arazo saihestu ahal izango lirateke.

"Es necesario desarrollar una pedagogia de la pregunta. Siempre estamos escuchando una pedagogia de la respuesta, Los profesores contestan a preguntas que los alumnos no han hecho".

Azkeneko esaldi hau, nire taldeari egokitutako esaldia da. Bertan, esaldia aztertu, eta azkenik, gure ondorioa atera genuen.

Gure ustetan, irakasle metodologiari dagokionez, ematen diren azalpenak erantzun bat jasotzearen esperantzarekin egiten dira. Baina askotan, gehiegizkoak izaten dira, izan ere, ematen diren azalpenak oso zabalak izaten dira eta hainbat kasutan erantzuna ere ematen zaie inolako erreflexiorik egin gabe.

Hortaz, askotan hobe izaten da, azalpen teoriko minimoak soilik ematea, ondoren, haiek hausnarketa pertsonalaren bitartez galderei erantzuna bilatzeko.

viernes, 5 de febrero de 2016

Eskola Bizipenak


Ondorengo jarduerarako hainbat argazki hautatu ditut argazki elkarrizketa bat burutzeko, haur hezkuntzako etapan bizi izan ditudan esperientzien inguruan. 







Lehenengo argazki hau, Oiangu-ra egin genuen txango batekoa da. Urtero joaten ginen txango bat egitera eta oso ongi pasatzen genuen. Bertan hainbat jarduera ezberdin egiten genituen naturarekin lotuak zeudenak, hala nola, zuhaitzak aztertu, lurreko hostoak bildu, lurrean zeuden animali txiki ezberdinak ezagutu, eta abar. Horrez gain, beste jarduera ezberdin asko ere egiten genituen, esaterako: abestiak abestu, haur hezkuntzako beste haurrekin jolastu, parkean jolastu, jolas ezberdinak egin, eta abar. 

Etorkizunean hezitzailea izaten naizenean, horrelako txangoak egitea gustatuko litzaidake, izan ere, txangoetan hezitzaileek haurrekin duten tratua oso berezia eta estua da, nire kasuan behintzat. Nik txangoetan jaso nuen tratu bera ematea gustatuko litzaidake etorkizunean hezitzaile izaten naizenean. 







Argazki hau, eskolako aretoan kokatzen da. Bertan festa ezberdinak ospatzen genituen, hala nola, iñauteriak, gabonak... eta bertan ekintza ezberdinak egiten genituen, besteak beste, dantzatu, abestu, antzerkiak egin, bertsoak abestu, eta abar. Oso oroitzapen onak ditut oholtza horren gainera igotzen nintzenean eta, baita ere, gelan hilabete edo aste batzuk lehenago egoten zen giroaz ere. Esan behar dut, oso lotsatia nintzela eta ez zitzaidala batere gustatzen horrelako gauzak egitea, hau da, jendearen aurrean gauzak egitea, baina, behin oholtzaren gainera igota lotsa joaten zitzaidan eta aurrera egiten nuen. Horretan asko lagundu zidan nire hezitzaileak, izan ere, gelan geundenean ariketa ezberdin asko egiten genituen lotsa desagerrarazteko.

Hezitzailearen inplikazioa izugarria izan zen lotsa genuen haurrei laguntzeko. Nik esperientzia hori bizi izan dudanez, etorkizunean berdina egitea gustatuko litzaidake lotsa duten haurrei laguntzeko. Esan behar dut, lotsa ez dela guztiz joaten, nire kasuan behintzat, baina ariketa ezberdinak landuz asko laguntzen dizu.







Argazki honetan iñauteriak ospatzen gaude. Oso oroitzapen onak ditut egun honen inguruan, izan ere, eskolan janzten nuen lehen mozorroa zen eta ilusio handia egiten zidan. Musikariz jantzi ginen eta haur bakoitzak instrumentu ezberdin bat jotzen zuen. Esperientzia izugarri ona izan zen, bai egun horretakoa eta baita aurretik mozorroa prestatzen igaro genituen egunetakoak ere. Urduritasun izugarria nabari zen gainera, izan ere, guraso asko eta asko haurrak ikustera etortzen ziren eta gure nahia zen dena ondo irtetea.


Ekintza hauek oso interesgarriak iruditzen zaizkit, bai haurrentzat baita hezitzaileentzat ere, izan ere, egoera oso atseginak bizitzen dira eta haurren eta hezitzaileen arteko elkarlana izugarria izaten da. Haurrak beraien emozioak azaltzeko unea izaten da.


 



Nik gehien atsegin nuen papinaren eta pilotaren argazkiak dira ondorengo hauek. Egunero eramaten nituen eskolara, bata ez bazen bestea, izan ere, ezin nintzen etxetik atera panpina edo pilota eskuetan hartu gabe. Panpina oraindik etxean gordetzen dut, izan ere, oroitzapen on asko ekartzen dizkit. Segurtasun handia ematen zidaten bi objektu hauek eta panpinak gainera goxotasuna. Eskolara iristean hezitzaileari ematen nion berak gorde zezan ez bainuen nahi inork panpina ukitzea.

Oraindik gogoan dut hezitzaileak egun batean haur bakoitzak bere etxetik gustukoen zuen objektua ekartzeko esan zigunean. Niri burura etorri zitzaidan lehen objektua nire panpina izan zen. Atxikimendu izugarria nuen panpin horrekiko, izan ere, momentu zail batean oparitu zidaten panpina izan zelako. Gelan objektu kuttunen inguruko jarduera bat egin genuen eta horrela haur bakoitzak objektu horrekiko zituen sentimenduak azaldu zituen. Esperientzia izugarri polita izan zen eta espero dut etorkizunean jarduera berbera errepikatzeko aukera izatea.





Ondorengo argazki honetan bi ipuin ageri dira, txikitan gustukoen nituen bi ipuinak. Amak eta aitak irakurtzen zizkidaten ohera joaten nintzenean. Gainera eskolara ere eramaten nituen hezitzaileak bertan irakurtzeko. Asko atsegin nuen ipuinak entzutea eta gainera oso aberasgarria dela iruditzen zait. Balore asko transmititzen dituzte, lasai egoteko momentua izan daiteke eta gainera oso entretenigarriak dira. Beraz, nire ustez, haurrei ipuinak irakurri behar zaizkie aldiro eta etorkizunean nirekin egiten zutena egitea gustatuko litzaidake, hau da, ipuinak aldiro irakurtzea.



Argazki elkarrizketaren amaierara iritsi baino lehen, hona hemen txikitan gehien atsegin nuen filma. Takolo, Pirritx eta Porrotxen Aupa Kintxo filma da. Esan behar dut ez zitzaizkidala eta gaur egun ere ez zaizkidala filmak ikustea atsegin baina pailazoen film hau asko atsegin nuen, izan ere, abesti askoz osatuta dago. Asko gustatzen zitzaidan abestea eta dantzatzea, beraz, pentsatzen dut hori izan daitekeela film hau gustatzearen arrazoia. Film honetako abestirik gogokoena hau zen:




Filmak dibertigarriak izateaz gain, balore asko transmititzen dituzte. Pentsatzen dut, gaur egun eskoletan haurrek ez dituztela nahi bezain beste film ikusten. Beraz, etorkizunean haurrei filmak jartzea gustatuko litzaidake, izan ere, oso aberasgarriak direla iruditzen zait.
 



Argazki elkarrizketarekin amaitzeko, nik egin nituen hainbat marrazki ageri dira. Marrazkiak egitea asko atsegin nuen baina batez ere papera kolorez betetzea, argazkian ikus daitekeen bezala. Marrazteak erlaxatu egiten ninduen eta barruan nuena ateratzen laguntzen zidan, hala nola, emozioak eta sentimenduak.




Garrantzitsua iruditzen zait haurrei libreki marrazten uztea, izan ere, horrek sentimendu eta emozioak azalerazten laguntzen die. Horregatik, nire ustez, haur hezkuntzan plastikari garrantzi handiagoa eman behar zaio eta horren inguruko jarduerak egin. Nik argi dut etorkizunean hezitzaile izaten naizenean haurrekin jarduera hauek egingo ditudala.