viernes, 11 de marzo de 2016

Proiektuetan Oinarritutako Metodologia

Gaurkoan proiektuen inguruko hausnarketa txiki batekin natorkizue. Horretarako, lehendik bi taldeak bateratu eta bi irakasleen artean proiektuei buruzko ezagutzak plazaratu genizkien hiru edo lauko talde txikietan. Batzuk beste batzuk baino ezagutza gehiago zituzten baina hala ere denon artean ideia orokor batzuk atera genituen.

Proiektuak, gaur egun hainbat eskoletan erabiltzen diren baliabide batzuk dira, metodologia jakin baten laguntzaz. Gainera, metodologia hau, ikasleen iritzi eta interesetan oinarritzen da; eta ondorioz, plan horiek habian jarri ahal izateko, ezinbestekoa da hainbat pausu finkatzea.

Honako hau hobeto ulertzeko, irakasleak bi adibide

erabili zituen; lehenengoa egutegiarena eta bigarrena futbolarena. Egutegi hau egitea behar batetik atera zen, eskolako haur denek ez baitzuen egutegirik; eta beraz, gelakide bakoitzak, bana sortzea erabaki zuten. Horretarako, egutegia egiten hasi aurretik, haurrak borobilean jarri zituen irakasleak eta egutegiari buruzko ezagutzak elkarbanatu zituzten.
Hau egin ostean, egutegia nolakoa izango zen finkatu zuten, errealitatearekin bat zetorrena alegia (12 hilabetekoa, jai egunak gorriz margotuak zituena...); beraz, jarduera antolatu eta lanari ekin zioten. Behin egutegia amaituta zegoela, portada eta azalpen orriak egin zituzten (kolore bakoitzak zer adierazi nahi zuen esanez...) eta azkenik, bakoitzak bere etxera eraman zuen bere familiarekin elkarbanatzeko.

Bigarrenik, haurrek futbolarekin izugarrizko matraka eman ostean, irakasleari egokia iruditu zitzaion futbola haurren interesekoa izanik, gai honen inguruko proiektu bat gauzatzea ikasgelan. Horretarako, egutegiarekin egin zuten bezala, haurren ezagutzetatik abiatu zen jarduera, zenbat futbol talde zeunden, nongoak ziren, zer koloretakoak ziren kamisetak eta beste hainbat galderei erantzunez. Gai honen inguruko euskal hiztegi bat sortzeaz gain, matematika ikertzeko aukera ere izan zuten eskolako txikienek. Alde batetik, futbol zelai batek zenbat neurtzen zuen aztertzen zebiltzan bitartean, matematika lantzen ari ziren zeharkako metodoaz; hau da, haurrak ez ziren jabetzen eragiketa ezberdinak barneratzen zenbiltzala. Gainera, proiektua hasterakoan, haur bakoitzak etxean zuena ekarri zuen gelara, kamisetak, kromoak, marrazkiak... honek gurasoekiko elkarlana eskatzen du non oso faktore garrantzitsua den hezkuntza munduan.




Irakasleak adibide horiek azaldu ostean, klase hasieran eman zigun papereko galderei erantzuteari ekin genion, bertan hiru galdera azaltzen ziren, lehena eta jada azaldu duguna, ia ezer azaldu aurretik zer genekien proiektuetan oinarritutako ikaskuntzari buruz; bigarrena, ia zer falta zaigun ikasteko metodologia honen inguruan. Galdera honi dagokionez, esan beharra daukat, beti dagoela zerbait berria ikasteko, eta hortaz, inoiz ez gara dakigunarekin soilik konformatu behar, ikasteko irrika hori beti bizirik mantendu behar dugu. Horrela, beti ekarpen berriak egin ahalko ditugu, eta emaitzak ziurrenik positiboagoak izango dira. Azkeneko galderari dagokionez, atera genituen ikaskuntza nagusiak zeintzuk izan ziren galdetu ziguten. Irakaslearen argibideak jaso aurretik, esan beharra dut proiektuei buruzko hainbat ezagutza neuzkala, nahiz eta horrenbeste pauso eman behar zirela ez jakin. Horretaz gain, ez nekien helburu zehatz baten inguruan sortzen zirela proiektuak.



Azken finean, azken zehaztapen orokor gisa, esan dezaket nire uste apalean, proiektuak gaur egun aurrera pausu handiak bilakatzen ari direla haurren ikaskuntza prozesuan. Horiei esker, modu tradizionalean ikasi beharrean, beste modu batera ikasten dutelako eta ikasteko gogoa handitzen zaielako.





jueves, 10 de marzo de 2016

Txokoei eta proiektuei buruzko irakurgaiak

Gaurkoan, taldean egin genuen bi irakurgaien inguruko aurkezpenari buruzko azalpenarekin natorkizue. Bi irakusgaiak ondorengo huek dira: lehenengoa “El trabajo por proyectos: una metodolgia global” da, bestea, berriz, “Rincones para un aprendizaje significativo”.

El trabajo por proyectos: una metodologia global irakurgaiko izenburuak esaten duen moduan, proiektuetan ikasteari buruz hitz egiten digu. Testu honek dio, proiektuen bidez edukiak lantzeak ikasleei onurak ekartzen dizkiela, eskola tradizionaleko ereduarekin apurtzen baitu, hauek mundu errealera gehiago prestatzen dituzten bitartean. Hori gauzatzeko gai serioak lantzeari ekiten diote, adibidez, heriotzaren inguruan lantzen dituzte gauzak, etorkizun batean haur horiek prest egon daitezen nolabait gai horrekin lotutako egoerei aurre egiteko.

Proiektuetan murgilduta dabilen aditu batek dioenez, metodologia hau gauzatzeko ezinbestekoak dira hiru ezaugarri hauek:

  • Ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa, informazioa ongi egituratzeko 
  • Esperientziak transmititzea eta programaketari uko egitea 
  • Imaginazioaren bultzatzaile izatea 
Bestalde, metodologia honekin eskola tradizionalean murgilduta dauden hainbat pentsamendu ezabatu nahi dituzte, adibidez, eskola tradizionalean INTELIGENTZIA hitza nota onak ateratzen dituen pertsonekin lotuta egongo litzateke eta hori ezabatu nahi dute. Proiektuen metodologia honetan, inteligentzia hitza ezagutza gehien dituen pertsonekin lotuko da, baina ez edonolako ezagutza, baizik eta bizitzaren inguruko ezagutza.

Irakasleak proiektuen metodologia honetan paper garrantzitsu bat hartuko du, eskola tradizionalean ez bezala, ez baitu esango zer den egin behar dena, baizik eta haurrak gidatzen saiatuko da, ez du esango zer dagoen ondo eta zer gaizki, hauek, beren ikuspuntuak gara ditzaten.

Ondoren, testuan metodologia honen helburuak azaltzen dira, zehazki bederatzi helburu, hala nola:

  • Norberaren gaitasunetara egokitutako ikasketa indibiduala 
  • Jakituria garatzeko gai ezberdinak ikertzea 
  • Teoriako jakintzak praktikotasuneko esperientziekin erlazionatzen jakitea 
  • Ikasitakoa errealitatean plasmatzen ikastea 
  • Norberaren izaera garatzea errealitatea aztertuz, 
  • Seigarren eta zazpigarren helburuek (bat egiten dute) ikasle eta irakasleen artean komunikazioa izatea 
  • Ebaluatzea, baina kasu honetan hori bi alderdiei egitea tokatuko zaie, hau da, irakasleei eta baita ikasleei ere 
  • Talde lana sustatzea. 




Honekin jarraituz, honako prozesu hau zeharkakoa dela esan dezakegu, alde batetik, eskolaren 75. urteurrena denez, hau ospatzeko aprobetxatu da; bestalde, ikasleen zalantzak argitzeko ere erabili da proiektu hau. Ikasle gazteenek, hiru eta lau urte bitartekoek, galdera sinpleagoak egiten zituzten, lau eta bost urteko haurrek berriz, galdera konplexuagoak. 

Honako proiektu honen oinarria ikasleen interesetan dago, beraien galderak apuntatu eta hortik abiatzen da irakaslea jarduera gauzatzeko. Orain dela urte batzuetako liburuak begiratuz, ikastetxeari buruzko beharrezko informazioa bilatu zuten ikasleek: nolakoak ziren orain dela 75 bat urteko haurrak, zer sentitzen zuten, nola jolasten zuten, nolako portaerak zituzten… Liburuez gain, internet ere oso baliagarria egin zitzaien haurrei.

Jarduera hau gauzatzeko, irakasle eta ikasleek paper ezberdinak jokatu zituzten. Irakaslea, dinamizatzailea, jakituna, sustatzailea edo motibatzailea izateaz gain, haurrei askatasuna eman eta behaketa lana egingo zuena ere izango zen. Bestalde, ikasleak parte hartze aktiboa izan beharko zuen eta hartzailea izango litzateke. Ezin dezakegu ahaztu, ikasleek beren artean ere informazioa elkarbanatzen dutela, beraz, ikaslea hartzailea eta igorlea dela esan dezakegu. Gainera, gela desberdinetan egin zen proiektu hau non irakasleen arteko koordinazioa oso garrantzitsua den proiektua aurrera ateratzeko. Azkenik, proiektua ezerezean gera ez zedin, mural bat marraztea erabaki zuten; bertan proiektua islatuko zena alegia.

Rincones para un aprendizaje significativo irakurgaian irakasle baten esperientzia kontatzen da Haur Hezkuntzako gelako espazioa antolatzearen inguruan.

Lehenik eta behin esan beharra dago, gelako espazioaren antolaketak paper garrantzitsua duela haurren autonomia eta ekimen pertsonala garatzeko orduan. Oso ohikoa izaten da bai Haur Hezkuntzan, baita Lehen Hezkuntzan ere gela txokoetan antolatzea.

Txokoen antolaketak helburu nagusi batzuk ditu, hala nola:
  • Jolasaren bidez sormena bultzatzea. 
  • Askatasun eta autonomia pertsonala garatzea. 
  • Elkarbizitzako eta berdintasunezko giza- balioak bultzatzea. 
  • Jakin- mina eta esperimentaziorako ahalmena sustatzea. 
ESPAZIOAREN ANTOLAKETA


Espazioaren antolaketa ez da bat batean egin daitekeen gauza bat, izan ere, talde zehatz batekin lortu nahi diren helburuen inguruko gogoeta bat eskatzen du. Irakasle honek ez zuen bere taldea ezagutzen, beraz, haurrekin batera gelako- espazioa antolatzea erabaki zuen.

Irakaslearen ideia gela txokoetan antolatzea izan zen, izan ere, bere ustez ikasgelako funtzionamendu onari lagunduko lioke eta ikasleek ikasketak testuinguru zehatz batean eraikitzeko aukera edukiko lukete. Gela 5 txokoetan antolatu zuten, lehenengo txokoa idazleen txokoa izan zen, bigarrena matematikoen txokoa, hirugarrena orkestraren txokoa, laugarrena informatikoen txokoa eta azkenik jolas sinbolikoaren txokoa. Azken txoko hau flexiblea edo aldakorra zen, izan ere, unitate didaktikoaren arabera aldatzen joaten zen.

Proposamen honetara iristeko, hainbat faktore hartu zituen kontuan irakasleak, hala nola, ratioa, haurren interesak, materialaren eskuragarritasuna eta gelako espazio fisikoa.

GELAKO FUNTZIONAMENDUA

Behin haurrek egokitzapen aldia pasata, gelari izena jartzea erabaki zuten. Oso garrantzitsua da haurrek erabakitzea gelaren izena, horrela haurrak taldearen parte sentituko dira.

Taldearen izena aukeratzeko, lehenik eta behin, haurrek hainbat ideia bota zituzten. Hurrengo egunean irakasleak ideia horien inguruko argazkiak ekarri zituen eta haur bakoitzak nahi zuen argazkian bere txarteltxoa ipini zuen. Berdinketa bat egon zen, beraz, berdinketa hori hausteko borobilean ipini ziren eta haur bakoitzak nahi zuen izena hautatzen zuen baina oraingo honetan arrazoiak emanez. Azkenik, adostasun batera iritsi ziren eta taldearen izena Piratak izan zen.

Gelako funtzionamendua eguneroko errutinetan oinarritzen zen. Astero hiru arratsaldetan txokoetan ibiltzen ziren 40 minutu inguru.

Txokoen funtzionamendua honako hau zen: haurrek txokoak hautatzen zituzten, horretarako, nahi zuten txokoan beraien txartela uzten zuten, beti ere txoko bakoitzeko haur kopurua errespetatuz. Txokoetan egiten zituzten jarduerak libreak nahiz gidatuak izaten ziren.


Ikasgela, lehen aipatu bezala, bost txoko ezberdinetan banatua zegoen. Jarraian dagoen azalpenean txoko horietan haurrek lortzen zituzten lorpenak, ezagutzak azalduko dizkizuegu.

IDAZLEEN TXOKOA

Txoko honen asmo edo helburua, konpetentzia linguistikoa garatzea zen, hitz ezberdinak osatuz, naturalki (espontaneoki) idazten eta irakurtzen saiatuz.

Bertan egin zuten lorpenik garrantzitsuena idazkera diferentzialetik idazkera silabiko- alfabetikoaren arteko eboluzioa izan zen, hau da, letra edo silaba ezberdinak idaztetik, hitz edo esaldi laburrak idaztearen arteko garapena.

MATEMATIKOEN TXOKOA

Taldetxo honetan zeuden haurrak, objektuen ezaugarri eta forma ezberdinak ezagutzen zituzten, sekuentzia tenporalak barneratzen zituzten edota eragiketa txikiak ebazten ikasten zuten. Horretarako, puzzleak, burua husteak (rompecabezas) eta beste hainbat jolas ezberdin erabiltzen zituzten.

Gune honetan eginiko ikaste garrantzitsuena modu azkar eta autonomo batean eragiketa sinpleak ebaztea izan zen: kontatzen, denboraren kudeaketa ulertzen.

ORKESTRAREN TXOKOA

Hirugarren txoko honetan bi asmo lantzea zen haien helburua; batetik, inteligentzia musikala eta bestetik, haien instrumentu pertsonalak sortzea soinua ateratzeko helburuarekin. Horretaz gain, txoko honetan beste herrialdeetako kideek haien herrietako instrumentu tipikoak ekartzen zituzten, beste gelakideek ere ezagutu zitzaten. Aldi berean, radio bat zegoen, eta haurrek haien erabilera zein zen ezagutzen zuten bertan azaltzen ziren irudiak eta haien funtzioak ikasiak baitzeuzkaten (hirukia: play; karratua: stop; eta makila: pausa).

Horrela, txoko honetan kooperazioa eta talde lana sustatzen zuten, haiek ezarritako helburua lortzeko asmoz. Kasu honetan, haiek zuten helburuetako bat, sortutako musika instrumentuekin kurtso amaieran kontzertu bat ematea zen gainontzeko haur eta gurasoei, gelako orkestra sortuz. Ondorioz, haien artean bata besteari lagundu behar zioten, instrumentua ahalik eta ondoen egin ahal izateko eta entseguak ere produktiboak izan zitezen.

INFORMATIKOEN TXOKOA

Gune honetan hainbat egiteko zeuden: informazioa bilatu bertan zeuden liburu ezberdinetatik, testu txikiak osatu eta baita irudiak koloreztatu ere. Ariketa ezberdin horiei esker, hainbat lorpen lortu zituzten haurrak; esaterako: irakurketa eta idazketaren arteko harremana estutzea (beti ere bakoitzaren maila errespetatuz), motrizitate fina lantzea (begi-eskuen koordinazioa), eta txoko horretan zegoen ordenagailuaren erabilera hobetzea (programetara sartu eta irten).

JOLAS SINBOLIKOAREN TXOKOA

Lehen aipatu dizuegun bezala, txoko honen izena unitate didaktikoaren araberakoa zen, izan ere, jarduera aldatu ahala txokoaren izena ere aldatu egiten baitzen. Irakasle honek urte honetan zehar hainbat egoera sortu zituen; hala nola, ile apaindegia, jatetxea, mozorro denda…

Gune honetan, haur bakoitzak bere jolas propioa sortzen zuen, bere pertsonaiak sortuz eta rol ezberdinak banatuz; eta aldi berean, autonomia pertsonala hobetzen ere asko laguntzen zien. Bertan eginiko lorpen garrantzitsuenak hitz egiteko erraztasuna bultzatzea eta objektu bakoitzari bere izenez deitzea izan ziren; esaterako fonendoskopioa, ileko lehorgailua…

Txoko horiek sortzeko garaian, ezarriko zen materiala lehendik erreparatzea ezinbestekoa izan zen, eta horretarako, hainbat irizpide eduki zituen kontuan: materialaren kontserbazioa, seguritatea, beharra, eskuragarritasuna eta espazioa hain zuzen.

Hiruhileko amaieran, irakasleak ebaluazioa bat egin eta feedback bat lortu ahal izateko, hainbat galdera egin zizkion bere buruari, hurrengorako zenbait aldaketa eta hobekuntza egin ahal izateko. Horretarako, haurrez gain, beste bi multzo desberdindu zituen; espazioa eta denbora hain zuzen.

Espazioari dagozkion galderak honakoak izan ziren: 



  • Espazio honek haurraren iniziatiban eta sormenean laguntzen du? 
  • Apainketa erakargarria da? 
  • Materiala haurren eskura dago? 
  • Klima lagungarria da haurra maitatua, segurtasunarekin eta baloratua sentitzeko? 
  • Txokoak ongi diferentziatuak daude? 
  • Orokorrean, haientzat pentsatutako espazioa da?

Denboraren kasuan aldiz, honako hauek planteatu zituen: 

  • Ezarritako denbora haurraren garapen psikologiara egokitua dago? 
  • Lan pertsonala eta talde lanerako nahiko denbora dago? 
  • Ezarritako planifikazioak haurraren espresio librea onartzen du? 
  • Haurrak badaki denbora antolatzen? 
Azken finean, galdera horien erantzunei erreparatuz, eta haurren ekarpenak kontuan hartuz, irakasleak txokoei buruzko ebaluazio bat egin dezake, eta hurrengorako kontuan eduki beharko lituzkeen xehetasunak ikus ditzake.



jueves, 3 de marzo de 2016

Curriculum kontzeptura hurbilketa

Lehen hurbilketa batean curriculuma, hezkuntza-helburu batzuk lortzeko asmoz, aurrez antolaturiko hezkuntza-plan edo –programa bezala defini dezakegu. Hala ere, gai hau aztertzerakoan hartzen den ikuspuntuaren baitan eta bere lanketa eta garapenean parte hartzen duten eragileen arabera, curriculumaren kontzeptua zabaldu egiten da eta interpretazio desberdinak egin daitezke.

Adibidez, heziketa ikuspegitik curriculuma desberdin interpreta daiteke bere aplikazioan parte hartzen ari den eragilearen arabera, izan hau irakasle edo ikasle.

Ikaslearen ikuspegitik: titulu edo helburu jakin batzuk lortzeko burutu behar diren ikasgai eta jarduera multzoa da.
Irakasle edo hezitzailearen ikuspegitik: bere esku-hartze profesionalaren oinarritzat hartzen da.
Administrazioaren ikuspegitik: titulazio jakin bat eskuratzeko behar diren xedapenak zehazten dira, zeintzuk dokumentu idatziren batean jasotzen baitira.

Bi irakurgai irakurri ostean, hala nola, El curriculum oculto visual: aprender a obedecer a través de la imagen (Acaso eta Nuere, 2005) eta Curriculuma Jaume Serramona, nire ustez curriculumaren definizioa ondorengo hau izango litzateke:

“Hezkuntza asmoen plangintza da,hau da, hezkuntza plangintza. Ez da ikasgelako jarduera, aplikazioa edo garapena. Helburu eta edukien plangintza da, hau da, hezkuntza asmoena. Osagai didaktiko guztien, ekintza planaren plangintza egitea da: metodologia, egingo ditugun jarduerak, edukiak irakasteko ordena, denboraren banaketa, espazioa antolatzeko modua etab.”


Curriculum guztiek ezaugarri desberdin batzuk dituzte, horregatik mota ezberdinetako curriculumak aurki ditzakegu:

  • Curriculum irekia eta curriculum itxia.

Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-errealitate eta ingurune sozialaren arabera curriculuma egokitzeko eduki lezakeen aukeraren baitan, curriculuma izan daiteke:


    • Curriculum irekiak bere azken zehaztapena hein batean moldatzeko malgutasuna eskaintzen die hezitzaile eta irakasleei; hezkuntza esku-hartzea testuinguruak sortzen dituen egoeren arabera egokitzen du hezitzaileak.
    • Curriculum itxia: ezarritako edukien eta irizpideen aplikazio soila suposatzen du. Ez du edukien berrikuntza edo zehaztapenetarako inolako aukerarik uzten eta ondorioz egoera edo pertsonaren beharretara egokitzeko ez dago aukerarik. 
 
  • Ageriko curriculuma eta ezkutuko curriculuma. 

 Curriculuma ikasleek eskolan ikasten dutena bezala ulertzen bada, agerikoa eta ezkutua daudela esan daiteke.


    • Agerikoa curriculuma: aurreikusitako ikasketetatik etorri eta programazioetan garatzen dena da.
    • Curriculum ezkutua: asmorik gabe gauzatzen diren ikasketek osatzen dute. Hauek ez dira esplizituki ematen, baina irakasle eta beste ikasleekin edukitzen den elkarreraginaren bitartez ikasten dira. Imitazioz eta elkarreragin sozialaz jasotzen diren ikasketak direla esan daiteke. Sozializazio prozesuan garrantzia handia dute. Laguntasuna, ahalegina, gizarte harremanak eta abarren eskutik garatzen diren jarrera-ikasketak curriculum ezkutu honen parte dira.


  • Curriculum formala eta curriculum erreala.
    • Curriculum formala: idatzita dagoena eta ageriko curriculumarekin bat egiten duena da.
    • Curriculum erreala: berriz, benetan gelan abian jartzen dena da.

Era berean, curriculumak baditu zehaztapen maila ezberdinak, zeinak, curriculumaren oinarriak izango diren. Zehaztapen mailak 4 dira eta jarraian hauen ezaugarri ezberdinak islatuko ditut.


Lehen zehaztapen maila


Lehenengo urratsa Gobernuak ezartzen dituen gutxieneko irakaskuntza edo oinarrizko alderdietatik abiatzen da. Hauen xedea formazio komuna eta tituluen homologazioa bermatzea da. Oinarrizko alderdi hauek erkidego autonomo guztientzat berak dira.

Zehaztapen maila honi dagokion dokumentua Oinarrizko Curriculum Diseinua da, hau da, Ikasketa plan edo programa orokorra, ikasketa helburu eta edukien, irakaskuntza ariketen eta ebaluazio irizpideen antolaketara bideratuta dagoena eta edukiak noiz eta nola ikasten diren zehazten du. Oinarrizko Curriculum Diseinuaren izaera normatiboa edo derrigorrezkoa da eta honen egilea Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia eta hezkuntza ministerioa da LOMCE dekretuak baldintzaturik. Dokumentu honek hainbat osagarri ditu, hala nola, xedeak, ebaluazioa, antolamendua, metodologia, konpetentzia, helburuak eta edukiak.

Dokumentuaren adibidea: http://www.jusap.ejgv.euskadi.eus/r47-bopvapps/es/bopv2/datos/2016/01/1600142a.pdf





Bigarren zehaztapen maila

Erkidego bakoitzak eratzen duen curriculumak ez ditu garatu beharreko ekintza guztiak erabat agintzen. Ikastetxeek eta irakasle-hezitzaile taldeek edo klaustroek kontestualizatu eta osatu behar dute, beren eskarmentuan eta ikastetxearen testuinguru sozial, kultural eta hezkuntzakoan oinarrituz.

Horrela, irakasle-hezitzaileek beren autonomia baliatuz, proposamen pedagogikoaren bidez, etapa eta ziklo bakoitzeko curriculuma garatu eta osatuko dute. Proposamen honi, ikastetxearen curriculum proiektua deitzen zaio eta bigarren zehaztapen maila suposatzen du. Ikastetxearen curriculum proiektua hau litzateke: Elementu curricularren (helburu, eduki, metodologia eta ebaluazioa) sekuentzia eta elementu hauen ikastetxe-egokitzapena da. Dokumentu hau Heziberrik edo ikastetxearen errealitatearen ezagutzak baldintzatzen du eta izaera orokorra eta gidatzailea du.

Dokumentu honen osagarriak honako hauek dira: irizpide metodologiakoak, oinarrizko gaitasunak, zikloetako helburu orokorrak, material didaktikoak, espazioa eta denbora antolatzeko irizpideak, tutoretza eta orientazio plana, aniztasunari erantzuteko irizpide eta planak, ebaluazio irizpideak eta edukien saila.

Dokumentuaren adibidea: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/contenidos/informacion/dia6/es_2027/adjunto/97-03%20HAURHEZK.pdf

 

Hirugarren zehaztapen maila

Curriculumaren izaera irekia gelan mamituko da, eskola errealitatera egokituko diren programazio didaktikoa edo gelako programazioen bidez. Programazio didaktikoa ondorengo hau litzateke: unitate didaktikoen multzoak dira, hezkuntza etapa bakoitzerako sekuentzia eta orden bat jarraitzen dutenak. Hirugarren zehaztapen maila izango den honetan, xehetasun handiagoz adierazi beharko dira zer, noiz eta nola irakatsi.

Irakasle-hezitzaileak dira azken egokitzapen hau egitearen arduradunak eta, gainera, beren eguneroko jardunean garatu egin beharko dute. Dokumentu honen izaera, didaktiko-antolatzailea da; talde jakin batean irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren antolatzailea eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuak baldintzatzen du.

Ondorengo osagarri hauek dituela esan dezakegu, hala nola, zikloko eta ikasturte bakoitzeko helburu zehatz eta espezifikoak, ikasturte bakoitzeko edukien planifikazioa edo banaketa, ikaskuntzaren denboralizazioa, ebaluazio jarduerak eta didaktikako materialen antolaketa.

Dokumentuaren adibidea: http://www.igtorres50.com/PROGRAMAZIO%20DIDAKTIKOA%20Susan.pdf



Laugarren zehaztapen maila

Azken zehaztapen maila honetako dokumentua Egokitzapen Curricular Indibiduala da, hau da, hezkuntza behar bereziak azaltzen dituen ikasleriarentzat, ohiko curriculumean burututako banakako egokitzapena. Ikasleriaren aniztasunari erantzuna emateko aparteko neurria litzateke. Dokumentu hau ikasgelako programazioak eta gizabanakoaren ezagutzak baldintzatzen du eta izaera didaktiko antolatzailea du. Tutoreak eta espezialistak, egiten dute heziketa bereziko irakasleen laguntzarekin. Dokumentu honen osagarriak espazioa, komunikazioa eta materiala direla esan dezakegu.